.

.

miércoles, 29 de abril de 2015

IKT-AK, BENETAKO ERRONKA

Erronka polita daukagu orain irakasleok: IKTak ikasleek baino hobeto edo bezain ondo, behintzat, ezagutzea. Gaur egungo gazteak, teknologiarekin lotura zuzena dute ia jaiotzen direnetik eta ziur asko, irakasleek baino hobeto erabiltzen dituztela ordenagailuak edo bestelako tresna batzuk. Horren aurrean ere, irakasleok erabiltzen ikasi behar dugu.


Beraz, blog honetan behin eta berriz errepikatu dugun bezala, irakaslea berritzailea izan behar da eta uneoro egon behar da ikasten, ezin da materia ematera bakarrik mugatu. Gizartea garatzen doan heinean, irakasleak ere egokitzen joan behar dira. Orain arte liburua izan da klaseetako ardatza; gaur egun, aldiz, IKTak liburuak ordezkatzen hasi dira. Beraz, irakasleak ere horiek menperatzen ikasi behar du. Honek metodologiaren aldaketa bat dakar, ikasleen arreta eta motibazioa pizteko erabil daitekeena.

jueves, 23 de abril de 2015

ERREALITATERA HURBILDUZ...

Egun hauetan praktiketan nagoela, egoera desberdin asko ikusteko eta bizitzeko aukera izaten ari naiz. Oraingoan, irakaslearen tokian jarri eta hausnartu dezagun pixka bat:

DBH4ko gelan kokatzen gara, alemaneko klasean, hain zuzen ere. 14 ikasle dauden gelan eta haien jarrera nahiko ezkorra da, materia berria eman aurretik alemana oso zaila dela diote. Azkeneko azterketan 14 ikasletik zortzik suspenditu egin dute azterketa eta kexatu egin dira.

Egoera horren aurrean, irakaslea larritu egin da eta zerbait egin behar duela erabaki du. Zer egingo zenukete zuek?

Beharbada, metodologia batek ez du ikasle guztientzako funtzionatzen. Hori da irakaslearen erronka nagusietako bat: metodologiarekin asmatzea. Irakasleak etengabe ari behar du ikertzen ikasleen beharretara egokitzeko eta baita bere profil profesionala garatzeko ere.

Horretarako, Mirenek ondo azaldutako praktika-gogoetatsua egitea ezinbestekoa da, etengabeko hausnarketa eskatzen duena. Honen harira, irakasleak ikertzaile rola hartu behar du eta hurrengo galderak egin beharko dizkio bere buruari, horiei erantzuna bilatzen saiatuz: zer gertatu da? Zein izan da arrazoia? Eta zer egin dezaket? Nola egingo dut? 

Horren inguruan hausnartu, bueltak eman eta ikertu egin behar du irakasleak. Gorago aipatu bezala, agian metodologia kontua da, edo ikasleen jarrera ezkorrean egon daiteke gakoa, edo baita irakaslearen jardunean ere.

Azken finean, hezkuntza kalitatea hobetzea izango da gure helburua. Hori prozesu luze baten emaitza ideala izango da. Baina prozesu horretan bideratzeko, lehenik eta behin, ikasleen motibazioa eta auto-estimua indartzea lortu behar da, talde nortasuna sendotu, komunikazioan lagundu eta parte-hartzea sustatu, besteak beste. Guzti hori klaseko giroa hobetzeko asmoz.


Azaldutako kasuari dagokionez, argi dago arazoren bat dagoela, klase erdiak baino gutxiagok gainditu baitu. Beraz, orain irakaslearen txanda da: gertatutako aztertu, horren inguruan ikertu eta aldaketaren bat egiteko unea iritsi da!

miércoles, 22 de abril de 2015

EKINTZA IKERKETAREN METODOLOGIA



Ekintza-ikerketaren metodologia
Ekintza-ikerketa prozesu moduan ulertzen da. Prozesu hori ziklo ezberdinez osaturik legoke eta ziklo bakoitzean une edo urrats ezberdinak emango lirateke: planifikatu, jardun, behatu eta hausnartu. Ekintza-ikerketa, espiral moduko prozesua da. Ziklo bakoitzean ematen da ekintza-planaren eraginaren analisia eta balioespena, eta horrek ekintza-plan berria ekarriko luke eta horrela elkarren segidan.



PLANIFIKATU
Elliot-ek (1993) aipatzen duenez, ikerkuntza-prozesua hasten da “ideia orokor batetik”, zeina asmoa baita praktika profesionalaren alderdi arazotsuren bat hobetzea edo aldatzea; arazoa identifikatuz, diagnostikatuz eta, ondoren, ekintza hipotesia edo ekintza estrategikoa planteatuz.

JARDUN
Iritsi da aurreko fasean planteatutako ekintza estrategikoa abiarazteko unea. Atal honetan, planifikatutakoa martxan jartzen da. 

BEHATU
Behaketak gertatzen ari diren aldaketekin lotutako datuak jasotzea dakar. Ekintza behatzeak martxan jarritako ekintzaren eraginaren edo gertatzen ari diren hobekuntzako ondorioei buruzko adierazleak jasotzea dakar. Lortutako datu guztiak egindakoa aztertzeko eta honen inguruan hausnartzeko balio dute. 

HAUSNARTU
Ekintza-Ikerketa zikloari hausnarketa faseak ematen dio amaiera eta, segur aski, gogoeta-kiribilaren ziklo berriaren hasierari ematen dio bidea; arazo berri baten planteamenduarekin eta akzio-planaren birplanteamenduarekin.
Honetan, datuak interpreta behar ditugu; nola interpretatu behar den informazio guztia, datuak interpretatzeko modu desberdinak imajinatzea hain zuzen. Ikertzaile askok pentsatzen dute porrot egin dutela emaitzak espero zirenak bezala ez badira izan edo soluzioak ez badu funtzionatu. Baina hau ez da horrela. Ikerketa-ekintzaren jomuga norberaren praktikaren gogoeta egitea baita.

martes, 21 de abril de 2015

EKINTZA IKERKETA



Bi irakasle berriketan...
 -      Kaixo Roberto, zer moduz?
 -      Ongi eta zu?
 -      Ongi eskerrik asko. Zer Roberto ikerketa kontuekin lasaitu zara?
 -      Ez, ez. Jarraitzen dut ikertzeko asmoarekin, gainera uste dut gero eta informazio gehiago dudala eta ekintzara pasatzeko gogoa dut.
 -      Pozten naiz,  Roberto, baina nola egingo duzu?
 -      Ba begira, ekintza-ikerketa izeneko metodologia erabiliko dut.
 -      Ekintza-ikerketa?
 -      Bai, gogoratzen bazara duela gutxi ikastaro bat egin nuen eta bertan ikerkuntzan aritzen diren hainbat irakasle ezagutu nuen. Horietako batek komentatu zidan ekintza-ikerketa metodologia dagoela, gazteleraz “investigación-acción” esaten diote metodologia honi.
 -      Eta zertan datza?
 -      Irakaslearen hausnarketan; praktikatik abiatzen da eta praktika hobetzea da helburu nagusia.
 -      Horrela esanda oso interesgarria dirudi.
 -      Hala da, bai. Metodologia honek urrats batzuk proposatzen ditu eta hauen bidez zure praktika hobetzen duzu.
 -      Eta zein urrats dira horiek?
 -      Ulertu nionez, lau urrats daude planifikatu, ekin, behatu eta hausnartu baina honen inguruan oraindik gehiago irakurri behar dut. Gainera uste dut oso garrantzitsua dela metodologia honetan taldean aritzea, beraz nahi baduzu elkarrekin zerbait egin dezakegu.
 -      Nola ez ba! Ongi Roberto, egongo gara honetaz sakonago hitz egiteko. Segi ongi eta eutsi goiari.


Ekintza-ikerketa irakasleak bere praktikan sorturiko arazoei soluzioa ematea edota eraldaketak burutzea xede duen ikerketarako metodoa dugu.
Ekintza-ikerketak ideia orokor bati erreparatzen dio: praktika onaren isla da, irakaskuntzan aritzeko estilo jakin bat, bikaintasunera garamatzana.
Ekintza-ikerketa irakasleek eramaten dute aurrera, eta ez kanpotik ekarritako adituak edo teknikoak, azken horiek, gelako errealitatetik urrun baitaude. Ekintza-ikerketaren abantailarik handiena ezagutza teorikoetan oinarritu beharrean, irakasle praktikaren analisian oinarritzen dela da.

EKINTZA IKERKETAREN FUNTSAK
 

lunes, 20 de abril de 2015

BERRIKUNTZA METODOAK

Berritzeko teknikak (III)

Eguneroko dialogikoa

Praktika hobetzeko ikerketa-teknika honen bidez, irakasle-ikertzaileak bere eguneroko jarduerak beste irakasle batzuekin taldean partekatu ditzake, hausnartu, laguntza emozionala eta babesa jaso, eta aurrera eraman ditzake praktika hobetzeko martxan jar daitezkeen ekimenak. Bi atalez osatuta dago: egunerokoa lanabes gisa eta irakurketa-dialogikoa prozedura gisa.

  1. Irakasle-ikertzaileak lanaldi bateko (aste bat, hamabost egun edo hilabete bat) egunerokoa egiten du.
  2. Irakasle-ikertzaile talde bat (6 lagun) osatzen da egunerokoaren irakurketa dialogikoa egiteko.
  3. Prozesuaren kudeatzaile bat izendatzen da. Honek ez du irakurketa dialogikoan parte hartuko. Bere lana prozesu guztia kudeatzea da (dokumentazioa banatzea, hitzorduak finkatzea, moderatzaile lanak egitea eta idazkari lanak egitea).
  4. Irakasle-ikertzaileak bere egunerokoa taldeko lankideekin partekatzen du (gordinik, landu gabe) eta nork bere azterketa egiten du.
  5. Irakasle-ikertzaile taldea biltzen da egunerokoaren irakurketa dialogikoa egiteko.
  6. Txandaka, parte-hartzaile bakoitzak egunerokotik atentzioa deitutako paragrafo bana irakurriko du. Azpimarratutako aukera zergatik aukeratu duen, hau da, zeintzuk izan diren azpimarratzeko arrazoiei buruzko gogoeta egiten du.
  7. Solasaldia izaten da horren inguruan.
  8. Saioa amaitu eta gero moderatzaileak, aukeratutako paragrafoak, sortutako galderak eta gogoetak euskarri elektroniko batean jasotzen ditu (word/writer/Drive dokumentua, saioaren audioa…), eta bidaltzen die taldeko partaideei hurrengo saioetan berrartzeko eta beste irakasle batzuei hausnarketarako eta hobekuntzarako aukera berriak emateko.

BERRIKUNTZA METODOAK

Berritzeko teknikak (II)

Irakurketa Dialogikoa

Irakasleen arteko irakurketa dialogikoa teknikan, irakasle-talde bateko parte-hartzaileek, testu literario batean oinarrituta, praktikari buruz hausnartzen eta eztabaidatzen dute, argudioak ematen dituzte, eta beren eskarmentua eta hausnarketa kritikoak adierazten dituzte.

  1. Irakasle talde bat biltzen da irakurketa dialogikoa egiteko.
  2. Parte-hartzaileek hainbat liburu proposatzen dituzte. Irakurketarako proposatutako testua, literarioa izan ordez, pedagogikoa izan behar da, ekintzaren helburu nagusia irakasleen praktika hobetzea baita.
  3. Liburu baten aukeraketa egiten da.
  4. Hamabostean behin elkartzen da taldea, eta bilkura egun horretarako, liburuaren atal bat edo bi irakurtzen dira. Garrantzitsua da partaide guztien konpromisoa izatea.
  5. Irakurleak testua irakurri eta paragrafo batek/batzuek bere arreta pizten badu/te, azpimarratu egiten ditu eta hautatzeko arrazoien gainean gogoeta egiten du.
  6. Solasaldia izaten da horren inguruan.
  7. Saioa amaitu eta gero arduradunak aukeratutako paragrafoak eta sortutako galderak euskarri elektroniko batean jasotzen ditu, bai taldeko partaideei eta bai beste irakasle batzuei. hausnarketarako eta hobekuntzarako aukera berriak emateko.

BERRIKUNTZA METODOAK

Irakasleak bere praktikaz hausnartzeko eta horrela, praktika bera hobetzeko eta berritzeko dauzkan prozedura edo teknikak dira. Teknika horiek koka daitezke ekintza-ikerketaren prozesuaren baitan zein prozesutik kanpo.

Berritzeko teknikak (I)

Autokonfrontazio elkarrizketa

Teknika honen helburu nagusia da irakasleak hausnartzea praktikan egindakoaz eta dokumentatzea. Horretarako, zer egin nahi zuen eta praktikan zer egin duen alderatzen da bideo grabazioa beste profesional batekin elkarrizketan eginez.

  1. Irakasleak bere praktika grabatzen du (35-45´).
  2. Irakasleak saioa aztertu eta pasarteak aukeratzen ditu (5-10´).
  3. Solasaldi ez-gidatua edo fokalizatua irakaslea eta aztertzailearen artean.
  4. Solasaldia grabatu (audioz edo bideoz).
  5. Transkribapena
  6. Kategoriak
  7. Ondorioak